Arizmendiarrieta (1915/1976) eta Simone Weil (1909/1943)

2015-06-16 /
Berrikitan, Jma Arizmendiarrietaren sortzearen ehungarren urteurrenaren karietara, Simone Weil filosofoa eta Don Jose Maria bera, aipagai izan dira Arrasaten emandako konferentzia batean. 1976an zenduriko Arrasateko bikario famatua, Bizkaiko Bariñaga Iturbe baserrian, 1915an, sortu zen.

Gazteizko seminarioan ikasi eta gero, gerla zibilaren garaian Euskadiko armadan kazetari izan zen ; frankistek preso hartua zuten ere denbora zenbait ; Gutik egin omen zuen ezbaitzen fusilatua izan beste preso lagun zenbait  bezala.

Libratua izan ondoren, Arrasateko bikario izendatua izan zen, eta geroztik, han egon zen bururaino.

Hiri hortan, urteetan zehar, garatu zituen hausnarketek eta ahaleginek eragin erabakiorra izan zuten Arrasateko kooperatiben sortzean.

Preseski horrengatik zen, Iparraldean ere, nahiko ezagutua gure belaunaldian, batez ere kooperatibetan  ari zirenen artean.

Haren etsenpluak zigun, beheralakoan, konpreniarazi guri zegokigula gure herrian lana sortaraztea.

2007tik, bada elkarte bat, « Arizmendiarrietaren lagunak » deritzona, zeinaren helburua baita pentsalari eta aktore kristau horren obra bizirik atxikitzea eta, ahal badu, garatzea ere.

Helburu ederra  da bainan  zaila gaurko ingurumen ideologikoan. Izan ere, Jose Maria Arizmendiarrietaren  helburuek, arrazoinek edo mobilek   bitxikeriak dirudite gaur erabat sekularizatua den gure munduko gehienentzat.

Kanpotik ikusita, izan liteke ere, umezurtz  izan orduko, Jose Mariaren dizipulu jarraitzaileen hausnarketa moteldu den; ez bailitzateke batere harrigarria gizon taldeen betiko joera naturala ezagutuz geroz ; batez ere, kasu huntan bezala, delako taldeak arrakasta gaitza lortu duenean.

Simone Weilek erran ohi zuen  talde haundiak ez zuela pentsatzen, pertsonak zuela bakarrik zinez pentsatzen. Huntaz zuzenki jabetzeko guretzat ez da erraz.

Pasa den apirilaren 29an beraz, ehungarren urteurrena zela eta, Jose  Maria Larramendi Zarauztarrak « Arizmendiarrietaren lagunak » elkartearen lehendakariak zerbait ezohikoa antolatu nahi izan zuen urteroko batzar nagusirako.

Parte ofizialaren edo administratiboaren aurretik, konferentzia bat egin ohi denez, aurten, Emilia Bea, Valentziako Unibertsitateko filosofia erakaslea gomitatu du Simone Weilen lanari buruzko kontzeptzioa esplikatzeko.

Eneritz Pagaldai Lankiko ikerlariari gauza bera egin dezan galdegin dio bainan huni Arizmendiarrietaren pentsamoldeari dagokionez.

Nekez aurki dezakegu Arizmendiarrieta eta Simone Weil  baino pertsona diferenteagorik, bai jatorriz, bai ibilbidez, bainan hauteman behar dugu bien filosofian lanak baduela kokagune zentrala.

Gure bikarioaren lanaren kontzeptzioa oraindik ulergarria da orduko erakaspen kristauaren arrastoak buruan gelditzen zaizkienentzat: erakaspen horren arabera,

Jaungoikoak utzi gaitu erdi bukaturiko mundu batean eta guri dagokigu obra jarraitzea bere ohoretan eta giza komunitate osoaren onetan.

Arizmendiarrietak zion ere, lana zela, duin izanez geroztik, gure pertsonalitatea garatzeko bide egokiena. Aldiz, Simone Weilen kontzeptzioa  ontologikoagoa zen ; nahiko konplikatua izan liteke gu gehienentzat, ezbaigira filosofia greziarrean gaztetik formatuak izan hura bezala.

Gostarik gosta ulertu dudanez, lana litzateke gizakiarentzat ametsetik ateratzeko eta  errealitatearekin topo egiteko bide zuzenena.

Izan ere, harentzat, ametsan zegon  gaizkia ; adibidez, ez zuen sekula erranen   amets pixkat atxiki behar zela bizitzaren gogorra suportatzeko ; ez zuen erranen   « positibatu » behar zela errealitatearen gordina zen bezala erraiteko ordez.

Aldiz, guk ez ote dugu hola pentsatzen? Harek, bere bizi propioa ez zuen irudikatzen ahal, etengabeko eta bururainoko egia bilaketarik gabe.

Bitxikeriaren bitxikeria, Simone Weilentzat lana izan behar zen etorkizunean   filosofiaren lehenbiziko erronka teorikoa, eta, ez dut uste kontrakorik erranen zukeela Bariñagarrak.

Langilea duintasunean bizitzea baimenduko luken lan antolakuntza pentsatzea eta praktikan jartzea, hortan legoke, oraindik  bizi balire, gure bi filosofo hauien   mende huntako desafioa.

BC,  Uztaritze, 2015eko maiatzaren 11a.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*
Website