Oraindik ere geutakoak gara

Lasai, ez da identitateei buruz eta. Elgoibarko Foroko adiskide handi bati eskertu behar diot izenburua. Zalantza existentzial gisa egindako hausnarketa sakon horrekin harritu gintuen hark, duela hamarkada bat baino gehiago. Esan zuen: “Nik ja ez dakit geutakoa ote naizen”. Koma psikologiko sakon batean gelditu ginen, harritzekoa ere ez zen eta. Baina ulertu genuen zer gertatzen zaien proiektuak eraikitzen aritu diren pertsona askori, denborarekin proiektuok beste esku batzuetara pasatzen direnean, eta haiek zer egin ez dakitela sentitzen direnean.

Beldur naiz anitzetan gertatu dela hori, eta, hein batean, bizitzako legea da gainera. Baina gauza bat da proiektuak proiektu horien beren indarragatik eta zabaleragatik aldatzea protagonistaz, eta oso bestelako bat, merkataritza transakzio huts bategatik aldatzea.

Esate baterako, orain aste batzuk honako izenburu hau irakurri nuen prentsan: “Euskal jabetzako azken bankua” (2010/09/19). Banco Guipuzcoano-z ari zen. Bere ohiko zehaztasunarekin, C.

Etxeberri autoreak enpresaren euskal jabetza nabarmentzen zuen, hau da, tituluen jabeen bereizgarria. Zirrara sakon bat eragin zidan izenburuak. Ziur aski, aspalditik dudan kezka bat aipatzen zuelako: gure enpresak. Aspaldi samarretik, “enpresen beherakada” bat ari naiz sumatzen; faktore askoren emaitza da, ziur aski, baina oso egiazkoa. “Geure” enpresarik gabe ari gara gelditzen. Eta aipatu dudan izenburua adibide ona da. Orain 30 urte, harro esan genezakeen enpresa sare sendo bat geneukala, bertoko sustatzaileek sortua. Egun, ezin dugu horrelakorik esan. Ez dut behar adina daturik, zail baita horiek eskuratzen, baina susmoa daukat aldaketa sakon bat izan dela. Azter itzazue Gipuzkoako enpresa ezagunenen izenak, eta ikusiko duzue, kooperatibetan eta lan sozietate anonimoetan izan ezik, aldaketa handiak izan direla jabetzan. Azalpen ugari daude fenomeno horretarako: multinazionalen interesa, belaunaldi ordezkapena, merkatuen krisia, lehiaketa dinamikari ezin eutsia, sektoreen bilakaera, etab. Baina oinarri bera dute guztiek: eduki zitzaketen beste aukera batzuen aurrean, jabetza agiriak zeuzkatenek saltzea hobetsi zuten, eta enpresa horien etorkizuna beste esku batzuetan uztea. Enpresako protagonista izateari uztea dakar horrek. Eta ondorioak ditu. Enpresak, aberastasuna sortzen duten erakunde bakarrak, beste esku batzuetan egongo dira. Gure lantegiak, gure enpresak, ez dira “gureak” izango, jabetza agiriari dagokionez.

Ez daukat fundamentalistatzat neure burua, ezta gutxiagorik ere, baina hori fenomeno larria iruditzen zait gurea bezalako lurralde baterako. Batez ere, enpresak sortzea gure bereizgarri nagusietako bat izan denean. Baliteke belaunaldi berriek ez edukitzea gure enpresa mugimendua bultzatu zuten belaunaldien beharrak eta kemena. Beste batzuk edukiko dituzte. Baliteke, bestalde, beteranoek beren lana ez amaitu izana. Baliteke globalizazioak joko arauak aldatu izana. Baliteke, ez, segurua da, azken urteetan espekulazio handia izan dela jabetza agiriekin, eta horrek ikusi ditugun aldaketak ekarri dituela, eta oraingo KRISI latz hau. Baina bost axola guri iragana. Orain, etorkizuna axola zaigu. Eta hura eraikitzeko, GEURE enpresak behar ditugu, edo, orobat dena, aberastasunaren sorkuntza eta proiektu berriak GIDATUKO dituzten pertsonak. Horiek gabe, beste alor batzuetan (hezkuntza, I+G, etab.) egindako ahaleginak alferrikakoak izango dira, eta gure gizartea, berriz, beste batzuen erabakien mendeko, mendekoegi.

 

Indarberritzeko, PARTE-HARTZEA da bideetako bat. Langile gehienak enpresaren jabetzan partaide izatea behar dugu. AEBko ESOP bezalako eskemek arrakasta itzela izan dute. Gipuzkoar gehienentzat, bistakoa da: parte-hartzea hobekuntza bat da enpresan, zeren protagonismoa ziurtatzen baitigu, eta geure aberastasuna geuk sortzen dugula. Irakurleren bati, honezkero, irribarrea aterako zitzaion, eta egingo du kolkorako horiek guztiak asmo ederrak direla, baina ez errealistak. Baina, berak uzten badit, neuk ere laster gogoraraziko diot zer ekarri digun ekonomiaren egungo jokabide espekulatiboak: hondamendi bat. Izan ere, etengabeko eskualdatze bat izan da jabetza agirietan. Hori dela eta, izugarri urrundu dira elkarrengandik enpresa osatzen dutenak (han ari direnak eta ekarpenak egiten dituztenak) eta enpresaren jabeak, eta jabeei, tamalez, akzioen prezioa bakarrik axola zaie orain.

Bat nator askorekin: erreforma erradikalak behar ditugu krisiari aurre egiteko. Erradikala errotik dator. Eta edozein sistema ekonomikoren erroa enpresa da. Guztien parte-hartzea da behar dugun erreforma erradikala. Parte-hartzearekin, gutxienez, langabezia ez litzateke, ez den adinakoa, ez den modukoa.

Beraz, eta artikuluaren hasierara gatozela berriro, parte-hartzea izango da ORAINDIK ERE GEUTAKOAK GARELA ziur egoteko bidea.

Jon Argeder Kooperatibista

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*
*
Website