1989an Berlingo Horma erori ondoren askorentzat demokrazia ekonomikoa Marxen demokraziaren ikuspegi tamalgarria besterik ez da izan, eta “estigma” honen bitartez, zuzen zuzenean arbuiatua edozein eztabaida edo analisietan.
Demokrazia politiko sistema batek herritarren estatus juridiko-politiko berdintasuna adierazten duen bezalaxe demokrazia ekonomikoak herritarren berdintasun ekonomikoa aditzera eman nahi du. Beste modu batera esanda, aberastasun eta pobreziaren arteko berealdiko aldeak ezabatzea, eta ongizate zabal bat lortzeko aberastasuna gizartean birbanatzea.
1844ean Robert Owenen jarraitzaile talde batek,- The Rochdale Pioneers bezala ezagutzen denak,- lehen elkarte kooperatibo modernoa Lancashireko konderrian sortu zuen. 25.000 biztanleko herri baten egitura demokratiko mota berri bat sortzea izan zen beraien ideia utopikoa. Egitura mikro-demokratiko haren bitartez eginkizun ekonomikoak gobernatu eta jasantzen zuten zapalkuntzatik askatzeko asmoa zuten. Oraintxe ere Owenstownekoek ere antzerako zerbaiten atzetik dabiltza.
Urte batzuetara 1897an, eta ildo berean, Sidney eta Beatrice Webbek Industrial Democracy izeneko liburu bat argitaratu zuten demokrazia ekonomikotaz beste ikuspegi ezberdin bati sorrera emanaz. Webbtarrentzako demokrazia ekonomikoa lantokietan lanaren jabetza, antolakuntza eta kudeaketaren demokrazia besterik ez zen.
Industria-demokrazia hori era askotara finkatu da: Alemaniako enpresa zuzendaritza eta sindikatuen arteko kontsultatze instituzionalizatua, ESOP anglosaxoi mugimendua, kooperatiba mugimendua, elkartasun enpresa eta hiritar enpresa mugimendu berriak, eta abar.
Geurean Rochdaleko aintzindarien ekimenetik 100 urte geroago JMª Arizmendiarrieta Arrasatera iritsi zen eta utopia haren ildoan Mondragon experientzia ernarazi zuen. Industria-iraultzaren garaiak ziren, baina 150 urte geroago ere paradoxa baten aurrean aurkitzen gara: alde batetik, demokrazia politikoak aurrera egin du, nahiz eta demokrazia politikoa bera ere “merkatu finantzarioen mehatxu bortitzak pairatzen aritu hainbat tokietan,eta bestetik, demokrazia ekonomikoak berriz atzera. Krisi garaietan ezberdintasun ekonomikoak eta pobrezian murgildutako gizarte-mailak handitzen joaten dira. Badirudi gaurko krisi ekonomiko mundial hau gizartearen zimenduak ahultzen dituen desberdintasunerako makineria baten ondorioa bestertik ez dela. Adierazgarri bezala The Economist-ek 2011ko urriaren 29ko zenbakian Estatu Batuetako familien diru-sarrerak, zergak ordaindu ondoren, azaldu zituen 1979 eta 2007 arteko datuak, eta OECDk 2011ko abenduan argitaratu zuen txostena.
Badirudi aberats eta txiroen arteko aldea izugarria dela eta handitzen doala. Estatu Batuetan gehien irabazten duten familien errenta % 275 gehitu zen 1979 eta 2007 artean eta gutxien irabazten dutenena % 18 besterik ez. OECDren arabera berriz aberatsen eta pobreen aldea azken 30 urteetako mailarik altuenean kokatu zen 2008an.
Krisi finantzarioak ez dira oraingotxeak. Gogoratu 1559an Europako krisia finantzarioa izan zela eta Hapsburg Inperioaren ,-Gaztela-Aragoi barne,- porrota eta gainbehera nabarmenaren adierazle bezala hartzen dela. Eta aldian behingo krisiak garai haietan sortzen zegoen mundu-sistema kapitalistaren berezkoak izan dira gaur arteraino.
Gizarte kapitalista honetan ondasun soziala sortzeko lantegia,- fabrika,- euskarri eta erakunde nagusi bilakatu da. Lana lantegi eta bulegoetan gauzatzen da eta hor demokrazia ezartzea beharrezkoa bihurtzen ari da. Eredu kooperatiboak enpresaren zeregina aldatu eta demokrazia bereganatzen du bere gobernamenduan, komunitatean ezarritako ekonomia soziala edo elkartasun ekonomia hainbat kontraesanekin garatuz. Beste ekonomia zuzenago, demokratikoago eta jasangarriago baten ernamuina jorratzen joaten da. Horrela komunitate ekonomiko bateko kideak,- langileak,- mikro-demokrazia bat berreraikitzen dute eta elkarlanean mikro-demokrazia asko ezartzen joaten dira.
Lehen mailako demokrazia askoren bitartez, gizarte zibiletik abiatuz, makro-demokrazia politikoa bizkortu eta areagotu egiten da, eta gaur egun nagusi diren indar ideologiko eta ekonomikoei aurpegia ematen zaie.
•2012.05.01 Noticias de Gipuzkoa