Urtero bezala, azaroan, eta Don Jose Maria Arizmendiarrietaren oroimenez, ALE elkarteak kooperatiben munduarentzat interesgarriak izan daitezkeen etorkizuneko gaiei buruzko hitzaldia antolatu zuen. Orduan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek eman zuen hitzaldia, izenburu honekin: “Kultura, oparotasuna eta demokrazia; zientzia bultzatzen duen hirukote bertutetsua”.
Hirukote bertutetsuaren kontzeptua honela laburbil daiteke:
- Zientzia Kultura iturri da… eta alderantziz.
- Zientziak Oparotasuna sustatzen du… eta alderantziz.
- Zientziak Demokrazia bultzatzen du… eta alderantziz.
Hitzaldian, hizlariak zientziak historian zehar izan duen bilakaerari buruzko errepaso bat egin zuen, ideia hauek nabarmenduz:
- Zientzia errealitatea behatzeko prozesu batetik eratorritako ezagutzen multzo bat da.
- Zientzia ez da betierekoa; iraungipena du. Historian zehar, eredu batek beste bat ordezkatu du. Adibideak: Fisika newtoniarra, Einsteinen erlatibitatearen teoriak eta gaur egun fisika kuantikoak zalantzan jarri dutena.
- Betiereko egietatik hurbilen daudenak matematiketatik eta erlijiotik datozenak dira, baina horien ikaskuntzak beste diziplina eta metodologia mota batzuei erantzuten die.