Apirilaren 22an Arizmendiarrietaren jaiotzaren 110. urteurrena gogoratu genuen Barinagan (Markina-Xemein).
Omenaldi eta ospakizunetatik harago, haren proposamenak partekatu nahi ditugu, intimitatetik eta konpromiso pertsonaletik.
Gure begien aurrean gertatzen den zatiketa soziala injustizia sozialaren ondorioa da, eta horrek zaurgarritasun eta bazterketara garamatza, baztertuak ikusezin bihurtzeraino.
Oraintsu arte imajinatu ere egin ez genituen egoeretan bizi gara: zenbait langilek duten soldatak ez die etxebizitza eta familiaren elikadura bezalako oinarrizko beharrei erantzuten uzten. Langile pobreak dira, pobrezia taldeetan sartu eta gero eta handiagoa den gizarte bazterketaren biktimak.
Desberdintasuna ez da pertsonen diru sarreretan edo ondare garbian bakarrik gertatzen. Bizi itxaropenari, pertsonek osasun zerbitzuetara iristeko duten erraztasunari, kalitatezko hezkuntzari edo zerbitzu publikoei ere eragiten die. Desberdintasunak daude generoen eta talde sozialen artean.
Desberdintasuna handitu eta mantendu egiten da, talde batzuek eragin handiagoa dutelako prozesu legegilean, eta horrek beste talde batzuei eragozten dielako sistemak beren beharrei erantzutea. Horrek politikak desitxuratzera eta prozesu demokratikoa hondatzera darama. Horixe salatu du Nazio Batuen Erakundeak.