Talentua eta talantea

Zuzendari bat aukeratzeko garaian, exigitu behar zaion ezaugarri nagusia eskuzabaltasuna izan behar dela esaten zuen Arizmendiarrietak.

Jakintza eta zientzia estimatzen zituen gizona izaki, batez ere, birtute betengan zuen konfiantza: eskuzabaltasunean.

Gaitasun teknikoek edo sozialek ezer gutxitarako balio dute, zuzentzen duenak ez badu besteengandik sentitzeko gaitasunik, ez badago besteengandik lan egiteko prest.

Eskuzabala denak ez dio kasurik egiten zikoizkeriari edo bere burua nabarmentzeko moduan jokatzen. Aldiz, etekinen banaketa zuzena egiten saiatzen da, eta besteen ikuspuntuak ulertzen. Batzutan eskuzabaltasuna karitatearekin konparatu izan da, baina ezberdinak dira praktikan.

Karitatea, behartsuenei norberak soberan duenetik ematen da (nahiz eta emateak ahalegin bat eskatu). Baina eskuzabaltasuna, karitatea ez bezala, ez da limosna bat ematea, jatekorik ez duenari pastel bat ematea. Eskuzabaltasunak balio soziala sortzen du; pastela denon artean egin eta denon artean banatzea esan nahi du. Margaret Thacherrek adibide bat jartzen zuen: gaizkile batzuek kalean lapurtu, jo eta biluztu zuten erromes bat ikusi eta hari laguntzera joan zen gizonarena; gizon hark, aurrena bere burua aberastu zuelako lagundu ahal izan ziola besteari, hori esaten zuen Thacherrek. Horrekin, aberatsak lehenik eta behin bere kapitala zaindu behar duela esan nahi zuen, eta ahalik eta gehien puztu, gero pobreei laguntza emateko.

 

Sistemak norabanakoak kapitala modu berekoi baean pilatzea bultzatzen duenean, eta pilatutako horretatik sistemak berak kaltetutakoan artean banatzea ona dela esaten denean, karitateaz ari gara. Aldiz, komunitatearen onura eta etekina bilatzen duen modelo sozio-enpresarial bat sortu nahi badugu, orduan bai, eskuzabaltasuna da behar dugun bertutea.

Thacherrek esana da: “Estatua da arazoa eta merkatua konponbidea”. Norberak irabazi dezala ahal duen guztia, aberastasuna pilatzeko prozesu horretan besteengan pentsatu gabe; eta behar duena baino gehiago pilatzen duenean, banatu dezala, bera bezain azkarrak ez diren pobreen artean, lehenago kendu dienaren zati bat. Gizartea aldatzeko prestatu dauden pertsonak behar ditugu; baina aurrena ez badugu gizartea eraldatzen, prestatutako jende hori balio egoistek jango dute. Ez baduzu aldatzen zu zeu aldatuko zara.

Hori da gaur egun planteatzen zaigun dilema, eta ahalegin bikoitza eskatzen duena: zuzendariak eta zuzenduak izango direnak prestatzea, bai teknikoki eta baita sozialki ere. Garrantzitsua da talentua, baina are garrantzitsuagoa da talantea.

Ampo-ko 48. Bultzada aldizkaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*
Website