Biak partekatu, ardura… eta agintea

Estosololoarreglamosentretodos.org urte hasieran (itxuraz, sozialisten ingurutik) sortutako ekimen bat izan zen, eta azpimarratzen zuen herritar guztiok hartu behar genuela ardura, jadanik agertzen hasia zen krisi ekonomiko latza konpontzeko.

Antzeko mezua errepikatu dute enpresarien ordezkariek ere. Esan dute langileek ere lagundu beharra daukatela, enpresek iraun dezaten, enpresok ixteak haiei ere egingo bailieke kalte.

Halere, nola ardura daitezke langileak, neurri handiago batean, berak lanean ari diren enpresen martxa onaz?

Kostuak murriztu beharra nabarmentzen da, eta berrikuntza egin beharra, enpresek beren lehiakortasuna hobetzeko. Enpresek produktu eta merkatu berriak berenganatu behar dituzte, beren jarduera aberasteko.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da honako hau: Columbiako Unibertsitateak egindako ikerketa baten emaitzek erakusten dute enpresek praktikan ipinitako berrikuntzen % 71 enpresa horietako langileen ideiak edo ekimenak izan zirela.

Baina, beste ikerketa batzuek ere frogatu dutenez, langileen ekimena eta laguntza ez dira berak zuzentzeko erabiltzen den kudeaketa eredutik independenteak. Ildo horretan, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, lan bat egin du, pertsonengan oinarritutako kudeaketa eredu bat garatzeko. Eredu horri esker, langileek enpresa proiektuarekiko duten atxikimendua hobetu nahi da, eta langileek proiektuari ekarpen handiagoa egitea lortu.

Gogorarazi behar da, halere, erakunde sindikal batzuek kritikak egin dituztela. Esan dute mota horretako kudeaketa ereduak iruzur fin bat direla, zeren, berorien bitartez, enpresetako profesionalek gehiago ematen baitute berenetik, baina zuzendaritzan protagonismo handiagorik izan gabe, eta sortutako aberastasunetik ere gehiago jaso gabe.

Bestalde, paradigmatikoa da nolako beldurra duten enpresariek enpresari dagozkion erabakiak langileekin partekatzeko. Negozioaren martxari buruzko informazioa emateak berak ere mesfidantza eta beldurra sortzen ditu enpresariengan. Iruditzen zaie, nonbait, batez ere errebindikazioak egiteko eta soldata igoerak eskatzeko erabiliko dutela informazio hori langileek.

Halere, bai Burtsan kotizatutako enpresek, bai, beste muturrean, kooperatibek, beren bilakaeraren informazio ugaria —eta sistematikoa— eskaintzen diete (eta mendebaldeko herri guztietan hori) beren langileei eta bazkideei.

Kooperatiben kasuan, gainera, eredua harago doa, zeren soilik langileek hautatzen baitute, beren artean, Administrazio Kontseiluaren pareko organoa, eta, horri esker, hilero ezagutzen dituzte negozioaren bilakaerari buruzko datu nagusiak.

Euskal kooperatiben arrakasta ukaezina ikusirik, gauza bat behintzat oso garbi dago: langileek badakite arduraz eta enpresari gisa jokatzen; behar beste informazio daukaten eta enpresaren emaitzetan beharrezko partaidetza duten testuinguruetan, gutxienez.

Onar al daiteke, beraz, langileei ardura handiagoa eta enpresaren lehiakortasuna hobetzeko ere ekarpen handiagoa eskatzea, baina aldi berean haiek “susmagarritzat” edo enpresaren martxa ebaluatzeko ezgaitzat jotzea?

Agian, kooperatiben (eta kudeaketa ereduetan aitzindari diren beste enpresa batzuen) esperientziak hausnarrarazi egin behar liguke, kudeaketaren arduretan langileen parte-hartzea ere bilatzeko.

Eta enpresa proiektuan langileek epe luzera inplikazio sakonagoa izatea ere bilatzeko, zeren langileek ekarpen interesgarriak egin baititzakete; agian, proposamen berritzaile giltzarri batzuk, lehiakideengandik bereizteko, behin baino gehiagotan gertatu den bezala.

Funtzionamendu dinamika horretan sartzeko, bi aldeen borondatea behar da, enpresariena eta langileena. Enpresariak aipatu dugun moduan egin behar du lehen urrats hori, langileek behar bezala erantzungo diotela sinetsita, eta, horrela, abantaila bat lortuko dugu lehiakideen aurrean, eta mesedegarri izango da bi aldeentzat.

Juan Manuel Sinde Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko kidea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*
Website