Biak partekatu, Sakrifizioak… eta irabaziak

Frantziako Lehendakaritzako Ikerketa Zentroak egindako ikerketa baten arabera, soldatek frantses Balio Erantsian duten pisua ez da modu esanguratsuan aldatu azken 35 urtean. Kontuan edukirik zuzendaritzako kideen ordainketa hobetu egin dela hainbat pizgarriri (ordainsari aldakorra, “stock options”-ak,…) esker, ikerketak ondorioztatzen du soldatapeko langile apalenek (gazteak eta etorkinak, batik bat) pisu erlatiboa galdu dutela Frantzian produzitutako aberastasunaren banaketan, preseski aberastasun hori modu ikusgarrian hazi denean. Antzeko ondorioa ateratzen du euskal sindikatu batek ere, EAEri dagozkion daturik berrienetatik.

Hartara, ulergarria da sindikatuek eta langileek une honetan duten haserrea. Izan ere, sekulako sakrifizioak eskatu zaizkie, beste batzuek sortutako krisi ekonomikoa gainditzeko. Oparoaldi ekonomiko luze baten ondoren etorri da krisi hori, eta, oparoaldi horretatik ere, beste batzuek atera dute probetxurik handiena.

Egia da, bestalde, ziklo hedakorraren amaierak arazo latzak utzi dituela agerian Estatuetan eta enpresetan, eta horiek guztioi eragiten digute. Espainiako ekonomiari dagokionez, Stiglitz eta Krugman Nobel saridunek esan dute, besteak beste, Espainiak ahalegin handi bat egin beharko duela bere lehiakortasuna hobetzeko (garai bateko ohiko diru debaluazioa erabiltzerik gabe, gainera).

Aipatu dute, halaber, % 25 murriztu behar direla espainiar prezioak eta soldatak, nazioarteko lehiari arrakastaz aurre egiteko.

Gure inguru hurbilagoan, atzerrian gehien saltzen duten euskal enpresak hobeto ari dira moldatzen krisian, espainiar merkatuaren mendeko diren enpresak baino (azken horietako batzuk, hain zuzen ere, jaitsiera handiak jasan dituzte beren salmentetan).

Baliteke, bada, bidezkoa izan edo ez, langileen sakrifizioak beharrezkoak izatea, bai lehiakortasuna hobetzeko, bai euskal enpresek nazioarteko merkatuetan presentzia handiagoa izateko; areago, sakrifizio horiek nahitaezkoak ere izan daitezke kasu batzuetan, enpresen iraupena bermatzeko.

Esanguratsua da, bestalde, Mondragon talde kooperatiboaren esperientzia. Jakinarazi duenez, salmentak 1.200 milioi euro gutxitu zitzaizkien 2009an, eta marjina gordinak, 350 milioi. Halere, kooperatiben irabaziak 10 milioi bakarrik jaitsi ziren, hartutako neurrien bizkortasunagatik eta sakontasunagatik.

Murrizketa garrantzitsuak izan dira taldeko bazkide langileen errentetan (muturreko kasuren batean, langile gisa eta bazkide jabe gisa zegokienaren % 25 kendu zaie). Halere, nabarmendu behar da kooperatibetako langileek berek aukeratutako Organoek hartu dituztela erabaki guztiak.

Segur aski, eta 70-80 hamarkadetako krisian gertatu zen bezalaxe, berriro ere egia biribil bat ikusiko dugu, hau da, epe motzean sakrifizioak onartu beharra langileei buruan sartzea lortzen duten enpresek irauteko gaitasun handiagoa dutela.

Hala balitz, gogorarazi behar litzateke, beste behin ere, kooperatibetan egindako sakrifizioak enpresa horien enpresa eredu bereziari esker izan direla. Izan ere, eredu horrek, besteak beste, oparotasuneko urteetako irabaziak modu bidezkoan banatzen ere utzi die langileei.

Esandako guztiaren ondorioz, agian egungo egoera aukera bat izan liteke; langileek eta enpresariek hausnartu egin behar dute, eta ikusi, sakrifizio batzuk egin behar direla berehala, enpresek iraun dezaten.., eta ikusi, halaber, etorkizuneko emaitzetan parte hartzeko eskemak sortu behar direla oraintxe bertatik.

Beraz, irabazia-irabazia eskema bat instituzionalizatu behar da langileen eta enpresarien artean, horrek elkarlana eta guztientzako aurrerabidea sendotuko baititu iraunkorki.

Juan Manuel Sinde Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko kidea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*
Website