Arizmendiarrieta eta euskara

Jose Mari Arizmendiarrieta euskararekin izan zuen harremana eta euskarari egin zion ekarpena azaltzeko jardunaldia burutu zen uztailaren 16an, Aretxabaletako Otalora jauregian. 40 pertsona inguruk jarraitu zituzten hitzaldiak.

Lehenengo hitzaldia, ‘Euskararen garrantzia DANOBATGROUP-eko komunikazio elementuetan’izenekoa, Idoia Bustindui kooperatiba honetako Komunikazio Arduradunak eskaini zuen. Honek kooperatibak euskarekiko duen jarrera aktiboa azaldu zuen, “kanpoan saldu arren, euskararekiko konpromisoa bermatu nahi dugu“, adieraziz. Ekintza ugari antolatzen dituzte euskara sustatzeko. Hala nola, lehiaketak, euskarriak euskaraz, hiztegia, egutegia egunerokoan ohiko diren ezapideekin, eskuliburu teknikoa tailerrean erabiltzeko (kalkuluak, hitz teknikoak…) eta abar; eta hiztegia txertatu dute web orrialdean.

Julen Arexolaleiba Mondragon Unibertsitateko irakasle eta soziolinguistak ‘Kooperatibak eta euskara’ liburua oinarritzat hartuta osatu zuen bigarren hitzaldia. “Arizmendiarrieta aztertzeak euskararen historia ezagutzeko parada eman dit”, adierazi zuen Arexolaleibak, eta mendeurrenak pertsona bere osotasunean hartzeko balio behar duela gaineratu zuen, On Jose Mariaren profila euskaltzate bezala ez delako hain ezaguna.

Kazetari eta itzultzaile
Hiru zati bereizi zituen hitzaldian, bere bizitzaren laburpen bat eginez, bizitzaren eredu kronologikoa baliatuz hitzaldiari forma emateko: umetatik gerra piztu arte; Arrasatera heldu zeneko garaiatik aurrerakoak, eta azken etapa, bere bizitzaren azken urteak, 1976.ean 61 urterekin zendu zen arte.

On Jose Mariak 12 urte-arte ez zuen apenaz gaztelerazko hitzik ikasi, eskolako hizkuntza gaztelera izan arren. Bitxikeria gisa, bere izena horrela idazten zuen: Joseba Miren Aritzmendi- Arieta. Arizmendiarrieta hainbat liburu euskaratu zituen, eta kazetari bezala Eguna eta Gudarialdizkarietan egindako lanak ere oso nabarmentzekoak dira.

Bigarren zatian, beste lehentasun batzuk aurkitu zituen Arrasatera helduaz bat, eta orduko behar sozio-ekonomikoei heldu zizkion mugimendu kooperatiboari lehenengo sustraiak ezarriz. Testuinguru honetan, euskararen aldeko lana bigarren plano baten gelditu zen bere bizitzaren etapa honetan. Azkenengo fasean, berriz, protagonismoa berreskuratzen du euskarak, eta TULankide aldizkarian lehengo testuak euskaraz idazten hasi zen, 60. hamarkadan. Laboral Kutxaren aurreko izena, ‘Lan Kide Aurrezkia’, adibidez, berea zen. Adituek esaten omen zioten “Lankide” batera idatzi behar zela, “kide” atzizkia zela esanez, baina berak “kide” izena bihurtu zuen, hitz hori bere proiektuaren ardatza zelako.

‘Medalla de Oro al Trabajo’ izeneko saria jasotzean, Españako lan ministroaren aurrean euskarazko testu bat irakurri zuen, tartean egun berekin lotzen dugun “Aurrera beti!” esapidea sartuz. 1976an, eskuz egindako bere azken berbak ere euskaraz idatzi zituen.

iturria: www.arizmendiarrieta100.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*
Website