Joan den ostiralean, irailaren 27an, Arrasateko Kulturaten jarri zen martxan aurtengo edizioa, 2025eko apirilaren 10ean herri bereko Amaia antzokian amaituko dena.
Taldeen inskripzioa irailaren 9an ireki eta urriaren 25ean itxiko da. Bi eta lau pertsona arteko taldeek eman ahal izango dute izena, zehazki 16-18 urtekoen eta 19-24 urtekoen kategorietarako. Eta erakundeak proposatzen dituen erronken barruan (teknologiko-digitala, sanitario-soziala eta energetiko-klimatikoa) garatuko duten proiektu kooperatiboaren deskribapen labur bat aurkeztu beharko dute.
Azaroaren 15ean, Lea Artibaik eta Saiolanek osatutako epaimahai teknikoak 20 proiektu aukeratuko ditu, eta horiek azaroaren 18an iragarriko dira. Ondoren, taldeek otsailaren 17ra arte izango dute beren proiektua garatzeko. Horretarako, beren ideia garatzeko eta proiektuen kalitatea indartzeko tresnak ugaritzera bideratutako prestakuntza izango dute, eta gidoi baten gainean lan egingo dute: “Enpresa proiektu kooperatiboaren gida”. Aldi horretan, tutoreen laguntza izango dute. Tutore horiek arreta eskainiko diete eta ekarpenak egingo dizkiete, berezkoa duten ezagutza zabaletik. Lan hori esleitu die antolakuntzak Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteari eta ASEcoopi. Eta behin proiektuak entregatuta, epaimahai profesionalak horien kalitatea, eskatutako kudeaketa kooperatiboko ereduarekiko koherentzia, ideia gauzatzeko aukera eta originaltasuna kalifikatuko ditu, eta 2025eko martxoaren 4an jakinaraziko ditu 6 talde finalistak. Horiek apirilaren 6ra arte izango dute planaren defentsa prestatzeko, bai eta enpresa mentoreen bidez enpresa kooperatibo baten jarduera bertatik bertara ezagutzeko aukera emango dieten jarduerez eta ibilbide kooperatiboez gozatzeko ere. Apirilaren 10ean jakinaraziko dira irabazleak, eta orduantxe amaituko da edizio hau.
Hauek dira, hain justu, ekitaldi hau antolatzen duten erakundeak: Diario Vasco, Arrasateko Udala, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, MONDRAGON, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mondragon Unibertsitatea. Laguntzaileak, aldiz: Alianza Cooperativa Internacional, ASEcoop, Saiolan, Leartibai Fundazioa, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea eta Garaia Parke Teknologikoa. Erakunde mentoreak, azkenik: EIKA, DANOBATGROUP, ONNERAGROUP, LANA, ISEA eta RURAL KUTXA.
Informazio gehiago behar izanez gero, sartu Mondragon City Challengeren webgunera: