Nik ez nuen bera zuzenean ezagutzerik izan baina orduan esan eta egin zituenak ezagututa ziurtasunez esan dezaket bere begiratua, esana eta ekina interesgarria izateaz gain beharrezkoak badirela gaur egun ere. Eta ziurtasun berarekin esan dezaket ez litzatekela gora begira geratuko. Ekintza gizona baitzen Don Jose Maria, ez zuen arranguratan alperrik jardun nahi izaten.
Agerian edo ezkutuan kezka biziko luke bere baitan gaur egungo egoera ikusita. Eta ez litzateke isilik geratuko munduan eta inguruan injustizia sozialaren zauriak odoletan ikusita:
neoliberalismoak eragindako aberastasunaren banaketa higuingarria, munduan milaka milioi pertsonen eskubide eta duintasun zapalduak, kontsumoaren sitsak jandako herritar komunitate makalduak, etsipenak jotako lanik gabekoen begirada galdua, ustelkeriaren hatsa.
Ekimeneko gizona zen, esan bezala, eta esanetik haratago egoera horiek gainditzeko moduen bila jarriko litzateke berehala, bere neurrian, eskura zuenetik, inguruko pertsonekin hasita.
Zalantzarik gabe hezkuntza begiz jota izango luke, etorkizuna hezkuntzan oinarritu baitzuen beti. Hezkuntzaren oinarriarekin aske, burujabe, nahi zituen gizon eta emakumeak, beraien eta komunitatearen amets eta beharrei aurre egiteko gai.
Kooperatibak ere begiratuko lituzke eta azken hilabeteetako gertaera garratzek ez liokete onik egingo bere bihotz ahulduari. Edonola ere, gazte haiekin batera hasieratik sortutako talde kooperatiboa nola garatu den ikusteak poztuko luke. Eta berehala jarriko litzateke lanean. Ipar soil eta exijentearekin, 1941an behea jota zegoen gerra osteko Arrasatera iritsi zenean egin zuen bezala: “Arrasateko gazteriaren ideala da herri hau Gipuzkoako herri industrialen eredu
Zer egingo lukeen ez dakit, baina orduan markatu zuen iparra gaur egun jarraitzeak ardura maila handiz jokatzea eskatzen digu. Kooperatibak lanaren eta ekonomia molde gizatiarren eredu bihurtzeko. Enpresan lehiakortasuna eta errentagarritasuna demokraziaren edo elkartasunaren maila berean jarriz, hau da, maila gorenean. Eta guztiak pertsonen eta komunitatearen zerbitzura.
Bere garaian landu zituen ideiak eguneratuta, ikerketaren zein teknologiaren garapena eta langileen soberania lehenetsiko lituzke, kapitalari bigarren mailako izaera emanez. Garai batean “libreta o maleta”-z aritu bazen Don Jose Maria, aurreko hamarkadetako diru eta zor mozkorraldiari erantzuteko eta etorkizuneko lana bermatzeko agian “berrinbertitu edo jai”, edo antzeko slogan bat asmatu beharko genuke. Eta horretarako lanaren zein kapitalaren ordainsariaren banaketari dagokionez soiltasunez eta elkartasunez jokatzeko eskatzea ere bat letorke berak esan izan zuenarekin.
Zailtasun garaietan inoiz baino gehiago zubiak eraiki, saretu, interkooperazioan sakondu, bai kooperatiben artean, taldekatuz, eta baita beste erakunde batzuekin, izan administrazioa, sindikatuak, enpresa pribatuak, gizarte eragileak… Berriz ere erantzukizunetik, autoeraketa printzipio eta logikak muturreraino eramanez.
Euskal Herri ikuspegia kontuan hartuta baldintzak aldatu dira 1976tik hona, eta ez litzateke harritzekoa izango herri estrategiaz ere arduratuta egotea Don Jose Maria. Berak amestu zuen herritar eta herri komunitate autoeratu eta autoeratzailea eskualde dimentsiotik Euskal Herri mailara eramanez. Logika berdinari jarraituz. Garai batean Arrasaterekin amestu zuen bezala Euskal Herria munduko herrien artean eredu bihurtzeko utopiari eutsiz.
Eta horretarako ibilbidea marraztuta utzi zigun: berriz ere hezkuntza estrategia sakona, adin guztietan, haur eta gazteekin ikastetxeetan, helduekin lantokietan, konfiantzan oinarritutako pedagogia prozesu etengabeak abiatuz. Ikerketa eta garapenean aitzindari, txiki izan arren zorrotz jokatuz. Ekonomian zein finantza eta energia alorretan herri estrategia bat garatuz, eta horretarako administrazioan, merkatuan diharduten erakundeak eta gizarte zibila saretuz.
Ekonomia sozial, solidario eta jasangarriagoa eraikitzeko.
Eta paternalismorik gabe: erantzukidetasunez maila guztietan, baina inor bazterrean utzi gabe, pertsona guztien duintasuna aintzat hartuta, eta horretarako elkartasun mekanismo eta politika eraginkor eta eskuzabalak bideratuz.
Don Jose Maria gurera itzuliko balitz aurrera begira jarriko litzateke, eta norbanako bakoitzari, gizarte eragileei, kooperatibei, politikari zein gobernuari gauza bera eskatuko liguke: interes indibidualak alde batera utzi, elkarrekin jardun eta erronkak ezarriz beti aurrera egitea.