Arizmendiarrieta gogoan

2015-06-15 /
Jose Maria Arizmendiarrieta jaio zeneko 100. urteurrena ospatzen dugu aurten. Hori dela eta, TU Lankide aldizkarian 1968tik 1976ra, euskaraz idatzitako lanak oinarri, haren hariari ten egingo diogu oraingoan, haren nondik norakoei buruz zerbait gehiago jakiteko, argitzeko. Bereak dira, bada, hitzak, ideiak. Gauza guztien gainetik askatasun zale izan genuen. Baina berak esan bezala, «izena ez da izana». Horregatik, askatasun hori oinarritzen ahalegindu zen, ekonomian nahiz politikan, herritarren eta gizartearen hobe beharrez beti. Argi dauka: lan-mundutik datorkio benetako askatasuna pertsonari, gizarteari, herriari. Lanak uztartzen ditu ekonomia eta politika. Halabeharrez Euskal Herriari dagokionez, lana izan delako gure herria mamitu eta berton bizi garen guztiontzat bizitza gozagarri egin duena.

Halatan, kooperatiba-erakundea du giltzarri: kooperatibak dira herriak elkartasunaren bidez jasotzeko, jauntxokeriak ito eta gizatasuna mardotzeko, gure herritarrek lan duina izan dezaten. Askatasunak oinarriak behar ditu ikurrinak baino lehenago. Azken buruan, kooperatiben indarra ez da besterik askatasun eta zuzentasun minez norberak ingurukoen
ongarri eta elkartasunpean jokaraztera bultzatzen gaituen gogo bizia baino.
Egin-eginean ere, elkartasuna da askatasunerako bidean darabilen lanabesa. Askatasuna behar beharrezkoa dugu pertsonok gizatasunez bizi ahal izateko baina baita elkartasuna ere gure artean indartsuek indargeak menperatu ez ditzaten. Eta elkartasun hori lortzeko baliotzat ditu zuzentasuna, zintzotasuna, maitasuna, edonorenganako begirapena eta egia-zaletasuna. Bada, elkartasunik ezin da landu norberekerietan indartsu dabiltzanen artean. Zorrotza eta zehatza izan nahi duenak eskuzabal eta bihozbera behar du bere ekintzetan, une oro besteek duten jokabideari begiratu gabe.
Ildo horretatik, askatasun-egarria da kooperatibak sorrarazi dituen espiritua, eta elkartasun-hariek lotzen eta indartzen dituzte kooperatiben gogoak. Kooperatibek dihardute lanaren bidez pertsonak garatzeko eta gizarte eskuzabalagoa egiteko asmoarekin.
Kooperatiben hazirik ugalkorrena lanaren eta elkartasunaren bidez sortzen den giza heziketa da, gizarte-zaletasuna oinarri duen heziketa, alegia. Lana zenbat eta elkarrekin hobeto eratu orduan eta erosoago eta onuragarriago bihurtzen da. Jakina, morroi izan nahi ez duenak konpromiso handiak hartu behar ditu eta arriskuetan sartu. Inoren menpe eta inori begira bizi nahi ez dutenek aurrera egin behar dute, elkartasun- oinarriak landuz eta zabalduz, etorkizuna gertatzen, bide berriak zabalduz.
Alabaina, ekonomia-arloan, askotan, animaliak bezala jardun ohi dugu, irabazi-egarri asegaitzarekin, handikeriaz eta zikoizkeriaz. Bada, gizatasunik gabeko sailak dira horiek, saihestu beharrekoak askatasunerako bidean.
Halatan, kooperatibek dituzten areriorik indartsuenak etxeko eta barruko epelkeria eta berekoikeriak dira. Erdiz-erdizko kooperatiba ugari dago, eta halakoak etxe-kalte ditugu. Handikeria eta harrokeria galbide dira.
Kooperatibak ez dira gauzak merkeago erosteko edo garestiago saltzeko. Kooperatibak izan behar dute arlo bakoitzean dihardutenen artean elkar laguntza bultzatzeko. Kooperatibak indartzeko norbanakoen arteko berdintasuna edo zuzentasuna ez da nahiko. Kooperatibei dagozkien zuzentasunaz eta berdintasunaz mintza gaitezke bakoitzak beretik zerbait besteentzako ematen dakienean. Hurrean ere, elkartasun-bidez lanaren garraztasun eta nekeak arindu eta lana onuragarriago egiten da.
Edonola ere, kooperatiba zaleek egitez erakutsi behar dute elkartasunak dituen ongarriak. Lana da erarik egokiena hurkoari laguntzeko eta herriak jasotzeko. Lana eta lanbideak dira herrialdeak aurrera eraman ohi dituzten gurpil eta ardatz. Lanaren inguruan eta lanaren bidez elkarganatzen eta bizimodua hobetzen ikasi behar dugu.
Gure kooperatibismoak duenik ondorenik estimagarrienetakoa giza eta herri heziketa denez
gero, kooperatibak demokrazia-jokabideak sortzeko eta suspertzeko egoki dira. Norberarentzat batzen baino inorentzako ematen gehiago ahalegintzen direnak ugaritzen direnean egin ohi dute aurrera herriek eta gizarteek. Elkartasuna mamitzen duena ez da batak besteari begiratze hutsa, baizik eta gehien ahal dutenek gutxiago ahal dutenekin baturik jokatzea.
Giro berrietan, eta batez ere gizarte-arazoetan, aintzat hartu beharreko herri-arazo berri bat lanbideak sortzea eta horien lidergoan aritzea da. Izan ere, herri bateko gizarte-ekonomia arloak bizi berritzen ez direnean, horiek behar bezala ongarrituz, orduan herri horietako biztanleen etorkizun, pozbide eta baliabideak jausi eta ahuldu ohi dira. Inork ematekoari edo egindakoari begira dagoena inoren menpe dago. Hori dela eta, lanerako behar ditugun erakundeak gaurkotu eta gizarteari begira jarri behar dira. Gainera, inoren baimenik gabe egin ditzakegunak ez direnez gutxi, lainoetara begiratzen astirik ez dugu galdu behar. Herria egitez jaso behar da.
Nazioartekotzearen aldeko apustua nabaria da. «Etxaldea» gero eta zabalago izan beharko dugu. Geroago eta inguru zabalagoetan ikusi behar dugu gure «auzoa», geroago eta gehiagoren artean gauzatzen dira-eta ekonomia harremanak. Gure lantegietako produkzioa saldu beharra dugu edozer erosi eta izateko. Langile eta saltzaile, bietara jokatu beharrean gaude eta saltzaile jokatu ahal izateko produkzio ona, gero eta hobea eskaini beharrean gaude, eta, horrez gain, gero eta merkeagoa.
Nazioartekotzearekin batera, teknika eta aurrerakuntza behar da. Berritzaile izan behar dugu. Horretarako, hezkuntza indartu behar da, gazteek prestakuntza hobea izan dezaten. Areago, lanbide berriak sortu eta gazteak hemen geratzea izan behar da helburu.
Baina aurrerabide horietan ingurumenarenganako kezkak eta ardurak ezin dira albo batera laga. Bestela, non edo zertarako da gure herri-min eta abertzaletasuna?
Aurrera beti, zintzo eta tinko, beti aske eta hobeto izan gura dugunok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*
Website