Datorren urriaren 1ean, 19:00etan, Hazia musikala aurkeztuko da Bilboko Arriaga antzokian.
Joan den asteartean, Arriaga antzokian bertan egin zen aurkezpenaren prentsaurrekoa, Miguel Angel Laspiur gure lehendakaria buru zela, ALEko bazkide eta Don Jose Mariaren iloba Jesus Mari Arizmendiarrietarekin batera mahai izan ziren, halaber, Gontza Mendibil, musikalaren zuzendari eta gidoilaria, Aritz Salamanca koreografoa, eta Jose Luis Canal, moldatzailea.
Laspiurrek gure Elkartearen aurkezpen labur bat egin zuen, eta adierazi zuen horren helburu nagusia Arizmendiarrietaren pentsamenduaren balioak enpresan eta gizartean aplikatzea dela; ondoren, Arizmendiarrietari buruzko musikal baten ideia noiz eta nola sortu zen azaldu zuen. 2019ko udaberrian, Gontzal Mendibil ALErekin harremanetan jarri zen ARRASATEKO kooperatiben sortzaileari buruzko musikal baten ideia planteatzeko, eta, bi hilabete geroago, Elkarteak erronka onartu zuen, musikala Elkartearen helburuarekin ezin hobeto uztartzen zela iritzita, eta proiektuari ekin zitzaion. Hiru urte igaro dira –tartean, pandemia–, eta hasierako utopia hura egia bihurtu da, eta joan den irailaren 17 eta 18an estreinatu da HAZIA musika ikuskizuna Arrasaten, erabateko arrakastarekin. Gure lehendakariak, azkenik, Bilbo eta Bizkaia osoa HAZIA emanaldira joatera animatu zituen, ikuskizun aberatsa, anitza, alaia eta modernoa delako, eta publikoa erabat harritu, txunditu eta hunkituko duelako.
Informazio gehiago: El Correo, Deia, Cadena Ser.