Hiru hilabete igaro dira dagoeneko Jesus Goienetxe gure lankide eta bazkidea hil zenetik, 2025eko abenduaren 20an, 80 urte zituela, Donostiako bere etxean, eta gure Elkartean oroitu nahi genuke, gaur egun ALE denari egiten dion ekarpen esanguratsuagatik.

Jesus Bizkaiko Arrieta herri txikian jaio zen, 1944ko abenduaren 24an. Formazioz humanista, Psikologia eta Pedagogia ikasketak egin zituen, eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) irakasle urtebetez jardunez hasi zuen bere ibilbide profesionala, ondoren lan bizitza osoa MONDRAGON Kooperatiba Taldera bideratzeko: hasieratik, Ularko Taldean, pertsonak hautatzeko zereginetan lan egin zuen, eta ondoren Fagor Etxetresnetara pasatu zen, Giza Baliabideetako zuzendari. Hortik Oronak kontratatu zuen, eta gerentzian aritu zen. Eskualde taldeak sortu zirenean, Orbideko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta, 1991ko amaieran, MONDRAGON Korporazioa sortu zenean, Giza Baliabideetako zuzendari kargua hartu zuen. Bizitza profesionala Oronako zuzendaritzan amaitu zuen. Baina beste ardura postu batzuk ere bete zituen, hala nola LagunAro BGAEko lehendakaritza (1995-2002) eta Mondragon Unibertsitatekoa (2000-2007).

Gure Elkarteara 2008ko martxoaren 31n bildu zen, eta 2009ko ekainaren 18an Zuzendaritza Batzordean sartu zen, 2013ko apirilaren 11ra arte. Hasieratik aktiboki parte hartu zuen, Arizmendiarrietaren legatuaren zabalkundea egiteko gestio programa bat antolatzen, hirugarrenekin lankidetzan. Legatuaren taldeko kide izan zen gaixotasuna agertu zitzaion arte, eta ALEren lehen Komunikazio Planaren eraketan protagonista nagusia izan zen.

Balio kooperatiboekin erabat konprometitutako gizona izan zen, eta tratu hurbilagatik eta kalitate humanoagatik nabarmendu zen. Entzuteko gaitasun handikoa, pertsonekiko sentiberatasun zintzoa erakutsi zuen beti, pertsonak bere lanaren eta erabakien erdigunean kokatuta. Harremanetarako zuen moduagatik, enpatian, errespetuan eta elkarrizketan oinarrituta, aztarna iraunkorra utzi zuen berarekin ardurak eta proiektuak partekatu ditugunen artean. Bere etsenpluak ALEren barruan lankidetza eta konpromisoa ulertzeko modua inspiratzen jarraitzen du.