Jose Maria Zeberio. ALE – Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko bazkidea.

Ez nuen Arizmendiarrietarekin bizirik zela traturik izateko ohorerik izan, bai ordea haren dizipulu eta laguntzaileetako birekin, Alfonso Gorroñogoitiarekin eta Jose Maria Ormaetxearekin, eta horrek ARIZMENDIARRIETAREN LAGUNAK ELKARTEAk (ALE) artikulu hau idazteko egindako eskaerari erantzun positiboa emateko erabakian lagundu du.
JMAren gogoetei eta lanei buruz idatzi da, eta idazten jarraitzen da, eta uste dut nik ez dudala ezer berririk ekarriko alde horretatik. Baina bai esan nahi dut familiaren eragina funtsezkoa izan zela haren konpromiso sozial eta erlijiosoan.
Eskura dagoen informazioaren arabera, JMA 1941ean iritsi zen Arrasatera, San Joan Bataiatzailearen parrokiara, apaiz laguntzaile gisa, eta herri horrek eta eskualdeak 1936ko gerra zibilaren hasieran bi apaiz fusilatu izana zuten aurrekari. Aurrekari mingarri, bidegabe eta ankerra. Horrekin, eta antzeko beste bidegabekeria eta gertakari mingarri batzuekin, herri zatitu eta mindu batek hartu zuen JMA.
JMA, bere idazki eta obretan islatzen duen guztiagatik, bokaziozko apaiza zen, eta, batez ere, Eliza Katolikoaren Doktrina Sozialarekin konprometituta zegoen; hain zuzen, horrek langileak emantzipatzera eta duintzera bultzatu zuen, bereziki prestakuntzaren eta kualifikazio profesionalaren bidez, eta pixkanaka gizarte gizatiar, justu, bidezko eta solidarioago baten aldeko konpromisoa lantzera, mugimendu kooperatiboaren bidez.
