Gure Elkarteak egindako gestioek, ARIZMENDIARRIETAren koadro bat, gure herrian egin zuen lana aitortuz, Arrasateko Udalbatza Aretoan Esteban Garibay, Pedro Viteri eta Arano maisuaren ondoan egon zedin, fruitua eman dute, joan den azaroaren 6an, asteartea, Osoko Bilkuraren saioan aurkeztutako mozioa onartu baitzen, alkatearen kalitatezko botoarekin.
Gestioak uztailaren 5ean hasi ziren, gure bazkide Jose Antonio Altunak Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearen arrazoiak defendatu zituenean Udaleko Gobernu Batzordean, Arrasateko Udalari eskatuz Udalbatza Aretoan Arizmendiarrietaren koadro bat jartzeko. Ondoren, urriaren 2an, gure lehendakari Miguel Angel Laspiur osoko bilkurara joan zen, aipatutako eskari ofiziala egiteko, eta Arizmendiarrietak sortu eta martxan jartzeko sustatu eta bultzatu zituen erakundeak aipatu zituen, Arrasatera iritsi zenetik gazteekin egindako heziketa lana goraipatuz, etengabe berreratzen eta birformulatzen den Talde Kooperatibo bat osatzeraino; horren guztiaren ondorioz, Elkartearen iritziz, errekonozimendua zor zaio, eta gure herriko eta Herrialdeko jendearen artean egindako lanarekiko esker ona.