Simone Weil – Arizmendiarrieta. Lanari buruzko hausnarketak.

Batzar Nagusian egindako mahai inguruen konklusioak: Lana zeharreko kontzeptua da, unibertsala. Gizakiaren muinari berari eragiten dio: pertsona eraikitzen du, humanitatea eraikitzen du. Ideologiak, sinesmenak, teoriak… elikatzen dituen iturria da.

Halaber, kontzeptua bera definitzen duen ideia, ideologia, sinesmen edo interesen eraginpean dago. Lanari begiratzeko dugun ikuspegiaren aurreiritziaren arabera horrelakoa izango da bere izaera. Bibliaren madarikazio jainkozkotik Kreazioaren burutzapenaren giza lankidetzaraino, eta horrenbestez gizakien izaera Jainkoaren lankide bihurtzeraino, ideia aukera zabala aurkitzen dugu gure aurrean, lanaren izaeraren egiazko definizio izan bahi dutenak.

Aitzitik, lanaren kontzeptuari buruzko bertsioen ugaritasun horrek elementu komun bateratua dauka: behar bezala enfokatuta, aberastasuna, balio ekonomikoa, aurrerabidea, ezagutza, kapital soziala, zientzia… sortzen du.

Ezerk eta inork ez du lana alde batera uzten proposamen politikoak, sozialak, humanoak eta are erlijiozkoak aurkezten dituenean. Lana bizitzaren parte da.

Batzuek diote lana beti dela jarduera positiboa, eta suntsitzailea balitz orduan ez litzateke horrelakotzat definitu behar, baizik eta suntsiketa, gainbehera eta porrot moduan. Horregatik ezin gara erori lana ongi egindako lantzat hartzeko tranpan, baldin eta horren xedea pertsonei eta gizarteari kate egitea bada.

Egitea merezi duen lan orok ongi egitea merezi du. Lana gizakiok munduan gure funtsezko izaera gauzatzeko dugun tresna bat da. Gure jeinuaz, gure botereaz uzten dugun aztarna da. Tresna bakarra?

Garrantzitsuena? Iritziak ez datoz bat eta ñabardurak daude, baina erabateko adostasuna dago funtsezko garrantzia duela esaterakoan.

Lanak pertsonen bizitza transzenditzen du, munduan duen presentzia fisikotik harantzago doa. Hiltzen ez den hazia bezalakoa da: ernatu egiten da, bere alderdi espiritualean  zein agerraldi materialean.

Lanaren kontzeptua lantzeko hartu den atal bakoitza, hausnarketen sakontasuna, ideietan zehatzen da, baina hau bezain testu laburrean ezin dugu hori gutxieneko eraginkortasunez landu.

Lanak errealitatearekin harremanetan jartzen gaitu, gauzen egiazkotasunaren aurrean jartzen gaitu. Ongia egiteko ongi egindako lana pertsonen duintasuna handiarazten du. “Lanak baino ez du bertutea sortzen, bertuteak baino ez du duintasuna sortzen”.

Autorrealizazioa. Pertsona.

Badirudi zereginaren arabera ekonomiko ordaindutako lanaren aldeko joera desagertzera doala. Pertsonak zertarako lan egiten duen jakiteko beharrak, bere ahaleginaren zentzua ezagutzeko beharrak, amaierako emaitzarekin harremanetan jartzeko eskatzen du, eta bezeroak edo erabiltzaileak horren ekarpenaz egiten duen balorazioarekin. Orain arte lansari emozionala baztertuta egon da (beharbada inbaditzen gaituen ekonomizismo gehiegizkoagatik), askoz lerratuago baitago pertsona orok eskubidez duen sentimendu humanoaren beharrarekin.

Eskulanez diharduen langilearen lanaren izaerak ez ditu pertsonen aurreikuspenak betetzen baliagarri sentitzeko zerbait baliotsua egin beharrari dagokionez. Zeregin errepikakorren eta eduki profesionalik ez dutenen kategoria goratu beharra dago, eta artisauaren erantzukizunen pareko erantzukizunak barneratzen dituzten lanak sortu, “obra” bakoitzak egilearen zigilua, marka, estiloa eraman ahal izan dezan.

Eredu kapitalistak lan kooperatiboaren ereduak kolonizatu ditu. Edo, hobeto esanda, enpresetan funtzionatzen zuena kopiatu dugu, produkzio bitartekoen bidez gure ideologia humanistak exijitzen zuen zentzu espirituala baldintzatzen ari ginela ohartu gabe. Antolamendu ereduak horien muinean dagoen ideologiaren gauzapenak dira. Liberalismo ekonomikoak makinaren paradigmatik abiatuta irudikatzen du enpresa. Ideal kapitalista da etengabe kontrolatu daitekeen erakunde bat sortzea, piezak doitasun erabatekoz uztartuta, eta horietako bat hondatzen denean beste berdin batekin ordezkatu ahal izatea. Zaharkituta geratu diren piezak zaborretara botatzen dira:

molestatu egiten dute. Piezek ez dute jakin beharrik makinak zer produzitzen duen, operazio bat egiteko diseinatuta daude, eta hori da beren erantzukizun guztia; eta behar duten ezagutza eragiketa horretara mugatzen da. Bide batez, emozioak, interes pertsonalak, pertsonen arteko harremanak eta abar sobera daude.

Lan errepikakorrak, zentzu finalista ez duenak, aberetu egiten du. Muntaketa kateak kateatu egiten du.  Langilea asetzen duen lana sortzeko aukera ematen diona da.

Lanak pertsona lantzen du eta, arrunta bada, pizgarririk eta transzendentziarik ez badu, ergeldu egiten du, esklabo bihurtzen du, mingarria da. Lan torturatzailea da, jainkoek gizakiari jarritako kondena.

Pertsonen lanak pertsonek ariman inkubatzen dugun eta ateratzeko borrokatzen den humanitateari aurrera eginarazten dio.

Maxlow piramideak motibazio pertsonaletan dauden desberdintasunak iradokitzen ditu. Gure jarduerarekin asetzen diren behar pertsonalak gizatasunaren aldetik zenbat eta kualitatiboagoak izan hainbat eta asebetetze handiagoa sentitzen dugu. Dirua irabazteak errekonozimendu sozialak edo profesionalak baino gutxiago asebetetzen du (alde batera utzita, gehiegitan, lansariaren maila dela lana ebaluatzeko erreferentzia bakarra).

Edukirik ez duten lanek “kanpoan” gogobetetzera eramaten gaituzte; garapen pertsonalari egiten dioten ekarpenaren ikuspegitik eduki garrantzitsua duten lanek berez dira gogobetegarriak.

Lanaren kalitate materiala ez da gauza garrantzitsu bakarra, garrantzitsuagoa da zentzua, bilatzen den xedea: sorta erako bonbak doitasun eta kalitate bikainez fabrikatu ditzakegu, baina horregatik miserable sentitu. Eta horrela, gure erosotasunaren mesedetan, itzali egiten dugu kasu horietan kontzientzia aktiboak gure baitan eragiten duen alarma, eta humanizazioaren eskalan behera egiten dugu.

Gizatiartasunik ez duen lanak gure trebetasun eta ahalmenak erabili beharra murrizten du baina ez du laguntzen gure bizitzari zentzurik ematen. Historikoki, langileari bere jarduera eta bizitzari zentzua emateko eskubidea lapurtu ohi zaio. Lanaren espiritua ezin da saldu edo erosi, lanaren emaitza erosten da, baina ez lana bera (“erositako” sexuaren eta maitasunaren antzeko zerbait).

Kooperatibismoaren erronka Batzar Nagusian bazkideek gauzatzen duten borondatetik harantzago doa, hori oso garrantzitsua izanik ere, eta, aitzitik, beraien garapen pertsonala segurtatu behar du.

Komunitatearentzako zerbitzua

Pentsamendu liberalaren arabera, egoismo pertsonalak ongizate soziala sortzen du, merkatu librea arautzen duen esku ikusezinaren bitartez, eta guk horri aurre egiteko beste irizpide bat aurkezten dugu, hau da, egiaztatuta dago gizartearentzat ona den oro ona dela bazkidearentzat, baina bazkidearentzat ona den oro ez da ona gizartearentzat.

Ongizate komunaren ekonomiaren enpresak ez dio eraginkortasun tekniko, ekonomiko edo finantzarioari uko egiten, baina era berean ez die uko egiten giza balioak lantzeari.

Garapen soziala

Zientziak oraindik ez du aurkitu nola materia gai den zerbait espirituala sortzeko. Garunak pentsamendua sortzen du, irudimena ahalbidetzen du,irizpide etikoei erantzuten die… Horrela deskubritzen dugu errealitate ez material bat dugula: gogoa, materian bizi dena: garuna.

Baten batek galdetuko du ea ez den espiritua izango (gogoa) materiaz (garuna) baliatzen dena bere izaera adierazteko. Hardwareak bere eginkizuna betetzeko “sortzen” duen Software moduko bat.

Kontzientzia espiritualik ez duen gizarte bat zonbi bat da; errealitate ukigarri bihurtzen ez den gizarte bat fantasmala da. Materia eta espiritua behar ditugu: erakundeen eraginkortasuna eta kontzientzia morala behar ditugu.

Garapen teknologikoak ez du beti aurrerapen humanorik sortzen. Baina lanaren aldaketa kontzeptualean modu erabakigarrian eragiten ari den faktorea da: gaur egun lanean ez da hainbeste esfortzu fisikorik egin behar, ez dago zeregin nekagarriekiko hainbesteko mendekotasunik.

Berrikuntza soziala askoz faktore erabakigarriagoa da giza eta enpresa garapenerako berrikuntza teknologikoa baino.

Lanak komunitatearen zerbitzura egon behar du, eta garapen pertsonalaren zerbitzura.

Militarrek guda zelaian irabazteko irrikaz egoten dira; poetek natura deskribatzea desiratzen dute, politikariek gizartea zuzendu nahi dute, erlijiosoek doktrinatu…  langileen nahia natura eraldatzea da, hari men eginez.

Ekonomiak ez du beti gizartea hobetzen laguntzen. Gehiegizko polarizazioak eta garapen ekonomikoak minbiziak giza gorputzean eragiten duen ondorio berdina eragiten du: heriotza.

Balioen aldaketa behar-beharrezkoa da: ez dugu gizateria ekonomizatu nahi, ekonomia gizatiartu baizik.

Kontua da ea pertsonen betebeharrak betebehar ekonomiko-finantzarioen menpe egotea onartu behar dugun, balio moralak balio materialen menpe egotea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

*
*
Website